IES Hirubide
STEAM

STEAM

Badira urte batzuk Hirubide Ikastetxea STEAM proiektuan lanean hasi zela. Izan ere, 2015/2016 ikasturteaz geroztik Zientzia-Hezkuntza proiektuan parte hartu dugu eta bide horretan jarraitzen dugu. Laburbilduz, orain arteko garrantzitsuena aipatzearren:

  • Hornikuntza: robotak, mikroskopio digitalak, 3D inprimagailuak, elektronika digitalerako materiala, laser ebakigailua eta josteko makinak.
  • Formakuntza/Jardunaldiak/Bisitak: Ikasgelatik laborategira (Tabakalera), Ethazi (Tknika), bideogintza (Irudiots)…
  • Inplikatutako ikasgaiez gain sortutako hautazkoak: Robotika, Domotika, Steam, Maker tailerra (Hauspoa), Baratzea eta teknologia (EAThink proiektua)…
  • Genero ikuspegia: Inspira Steam

Abiapuntutzat duela hiru urte sortutako Fablabean oinarritu eta bide honetan beste pausu bat emateko asmoz, bigarren zikloko etapan zentratu nahi genuke. Horretarako, STEAM ikasgai gehiago inplikatuko genituzke eta hauen arteko diziplinarteko lotura indartzea genuke helburu, baita kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea ere. Era berean, proiektuak ekintzailetasuna bultzatzeko eta gure lana hezkuntza-komunitateari eta familiei zabaltzeko ere balioko luke. Genero-ikuspegiari dagokionean, lehengo ildotik jarraitzeaz gain, aurten ikastetxean sortutako Berdintasun Taldearen bultzada ere jasoko du proiektuak.

Gaur egungo bizimodu azeleratuak gure dietetan erabateko aldaketa eragin du azken hamarkadetan. Ikusi besterik ez dago kontsumitzen ditugun hainbat eta hainbat produktu, garaiz kanpo eta urrunetik ekarritakoak direla, honek, produktuak heldutasun-mailara heldu gabe biltzea ekartzen duelarik. Bilketa-mota honi erreparatuz gero gure osasunean duen eragina nabarmena dela ohartuko gara: batetik produktuek heldutasun-maila hozkailuetan harrapatzen dutelako, bestetik dimentsio handiko garraio-sareetako desplazamendu neurrigabeek Emergentzia Klimatikoan suposatzen dutenagatik.

Helburu pedagogiko hau sustatzeko proposaturiko proiektuan, behar batetik abiatuko gara eta behar honi soluzioa emateko asmoz arituko gara lanean ikasleekin. Modu honetan, ikasleen ikas-prozesurako nahiz bizitza errealerako erabateko baliogarritasuna duen metodologia bultzatuko da. Horretarako, Hirubide ikastetxea Osasun Ikerketa-Zentru bihurtzea proposatzen dugu.